Teresa Toda Iglesia, ex subdirectora de Egin
Atzera begiratu eta, Eginen osatu nuen bideari begira jarrita, igarotako urteek ematen duten distantziarekin, zirkulu paradoxiko bat agertzen zait, Auzitegi Nazionalean hasi eta amaitzen dena. Salbuespen auzitegi horrek Euskal Herriaren bizitzaren alderdi guztietan duen eragin gero eta astunagoaren sinbolotzat interpreta liteke ia.
Bai, ibilbide luzea, 1984 inguru hartan hasia, Madrildik egindako lehenengo kronikekin, laguntzaile lanetan, eta Topasko presondegiko ziegako ate burdinazkoarekin itxia, oroitzapen hauetan barna murgildurik. Hasieratik, Auzitegi Nazionaleko eginbeharrak bete zuen Madrilen egindako lanaren zati handi bat; nire kalkuluen arabera, gutxi gorabehera 700 epaiketaren informazioak erredaktatu nituen, laburrago edo sakonago, sei urtetan zehar. Horrekin batera, ehunka atxiloketa, torturen salaketa eta zuzeneko lekukotza, zin degizuet; espetxeetan sortzen ziren albisteak, barruko borrokak edota sakabanaketaren justifikazioa, Enrique Mugicak emandako prentsaurreko ahaztezinean; eta beste hainbat informazio zuzenago, errealago, politika horrekin egiazki lortu nahi zenari buruz, Sabin Etxetik hurbilagoko beste iturri batzuetan lortuak.
Baina Auzitegi Nazionaleko eta beste auzitegietako eginkizunak bestelako informazio batzuk ere sortzen zituen, xelebreagoak edo, hala nola Ruiz Mateosek Auzitegitik ihes egin zuenekoa, Polizia lelotutakoaren sudurren aurrean; edo interes politikoek zapuztutako ikerketak, GALi buruzkoak, kasu; Konstituzionalaren sententzia pisuak, edo Auzitegi Goreneko gorabeherak.
Aurrerago, Auzitegian kronista izatetik lekuko izatea egokitu zitzaidan, gure lankide eta adiskide Josu Muguruza hil zuten Alcala hoteleko atentatuaren ondorioz. Azkenean, jakina denez, inputatu, prozesatu eta kondenatu egin ninduten, eta gaur preso naiz. Egin ehundu zuen hari profesional zirraragarri eta suhar baten lanari jarraika.
Auzitegi Nazionalaren jardunak sortutako informazioa, askotan, atxilotu eta preso eramandako pertsonen senide eta lagunekin hurbileko harremana izatera hedatzen zen, zain egon beharreko orduen itomena partekatuz, ostatu hartzeko helbideak eskainiz, eta kañaren bat edo beste, tortilla pintxo eta guzti, Madrilgo auzo herrikoietan, Madrila derrigor egin beharreko bisitetan paseatu ohi ez diren horietan.
Madrilgo berriemailetza, ordea, ez zen kontu juridiko eta errepresiboetara mugatzen; Eginek berak bezala, notiziaren eremu guztiak hartzen zituen. Madrilgo mobidaren urteak izan ziren, eta horiek ez ziren bakarrik Ramoncín edo Alaska, baizik eta NATOren kontrako martxa jendetsuak ere; Enrique de Castro apaizaren lan fina espetxe instituzioaren aurrean –gizonak buru-belarri jarraitzen du preso sozial gazteak defenditzen–; izaera sozialeko edo kulturaleko elkarrizketak; Picassoren Guernica iristea, lehenago Buen Retiroko etxaldean bahituta, eta gaur egun Reina Sofia Museoan; eta, nola ez!, baita futbola ere, urte haietan Athleticek eta Realak jokatu zituen Kopako finalekin. Adituari lagunduz, futbol giro (jator) haren kronikak idatzi nituen.
Eta, jakina, politika. Kongresuko pasilloetan aurrera eta atzera, bilkurei buruzko beste begirada bat, euskal diputatuekiko harremanak –eta Kataluniako eta Galiziatik etorritakoekin egindakoak, eta PSOEkoekin eta IUkoekin, are PPkoekin ere–. Bereziki gogoratzen dut –ezin ahaztu!– Aljerreko elkarrizketen etapa, hainbeste bilera, zurrumurru eta espekulaziorekin, eta informazio delikatuak erantzukizunez tratatzeko jarduera, prozesuaren lehen saiakera hura zainduz.
Bizigarria izan zen, eta eskertzekoa, errealitate sozio-politiko eta judizial horri buruz informatu ahal izatea, informazioaren mami eta muinari beste tonu bat emanez. Kronikak idazteak begirada pertsonala eskatzen du –kritikoa, ironikoa, hurbila, humanoa, sentimentala, kasuaren arabera–, baina horrek ez du esan nahi iritzi artikulu ideologizatu bihurtu behar direla, gaur egun gero eta gehiago gertatzen denez. Eta hori Euskal Herrian areago nozitzen dugu, berez diren errealitateak prentsan aurreiritziaren eta helburu ideologiko –ez informatzaile– jakin baten mesedetan kontatzen direnean.